XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...)taupadak ziruditen kolpe-hotsak ateraraziz hilkutxako kaoba-egurrari.

Bueltako bidean, Elisarda andereak pentsatu zuen berandu gabe hitz egin behar zuela Don Tiburciorekin, lagun ziezaion Diegori arimako bakea aurkitzen eta, beste nahigaberik gertatu baino lehen, haren ero-begien atzeko sentimenduak baretzen, baldin eta berak uste zuen bezalakoak baziren behintzat.

Hurrengo astean, bederatziurreneko otoitz guztiak amaitu ondoren, elizgizona mutilarengana hurbildu zen etsipenaren bertute kristauaz mintzatzeko asmoz, baina gizabidezko eta egokierazko esaldien atzean harresi gotor gaindiezin bat baino ez zuen aurkitu Diegoren barruan, bere erretorika-indar osoaren arieteak pitzatu ezin izan zuena.

- Mariana eraman zidanari arnasa kenduz bakarrik etorriko zait bakea arimara erantzun zion, etxaldeko areto handian neskameetako batek ekarritako oporto ardo bana edaten ari zirela.

Haren begietan hileta eguneko gogortasunak bere hartan zirauen, aldatu gabe.

Don Tiburciok amore eman zuen, Jainkoaren borondatea aipatuz.

Baina berehala damutu zitzaion aipamen oker hura, mutilaren sumina lehertarazi baitzuen bat-batean.

- Jainkoaren borondatea izan balitz, bera hil eta madarikatu egingo nuke neure bihotzean! oihukatu zion, elizgizona zurbil-zurbil jarriz.

- Baina lur honetakoa da emaztea hil didana, eta lur honetan hartuko dut nik mendekua.

Elizgizon gaisoa ikaratuta zegoen, baina biraoengatik baino areago, iruditu zitzaiolako Diegoren oldarraldi bortitzak mementu hartan bera akabatuko zuela, hiltzailea balitz bezala.

Jaiotzetik beretik ezagutzen zuen mutila, berak eman zion bataioko ura, berak irakatsi Jainkoaren dotrina ez oso ondorio pozgarriekin, konturatzen ari zen bezala, berak bedeinkatu zituen lehenik haren amaren, eta gero, hamabi urte geroago, aitaren zerraldoak hartu zituzten hilobiak;

hartara, ongi zekien Hualde zaharraren odoleko seme bakarra ez zela atzera egiten zuten horietakoa.

Pedro jaunak ere ez zion jaramonik egin (...)